Giroko musika establezimendu eta bulegoetan - Getxo Enpresa

Giroko musika establezimendu eta bulegoetan

Gaur egun, produktu bat eskura izatea ez da abantaila bat; izan ere, edozein produktu eros dezakegu gure sofatik edota autobuseko eserlekutik. Hori dela eta, denda fisikoek erosleak erakartzeko aktibo nagusia erosketa esperientzia bera da.

Estimulu sentsorialak dira bezero potentzialek hautematen duten lehen gauza, dendara sartu aurretik ere. Dendako argiak, koloreak, produktuak, musika edota usaina dira kanpora proiektatzen diren estimulu horien adibide.

Frogatuta dago musikak garuneko hainbat atal estimulatzen dituela. Musika atsegina denean, gorputzak endorfina gehiago sortzen ditu. Endorfinak poza areagotu eta mina kentzen duen hormona mota bat da, ondorioz, zorion sentsazioa sortzen du. Hori dela eta, giroa, oro har, atsegina den toki batean denbora gehiago eman ohi dugu eta maiz itzultzen gara. Hortaz, pozik egoteak denda batean denbora gehiago ematea eta erosteko aldez aurreko joera izatea dakar.

Jarraian, establezimendu baterako giroko musika diseinatzeko gako batzuk emango ditugu:

  1. Xede publikoa ezagutzea: Ezinbestekoa da bezeroen profila eta gustuko duten musika ezagutzea. Komeni da aztertzea zein musika mota gustatzen zaien gehien eta zein estilotan sentitzen diren erosoago. Horrela musika egokia aukera daiteke.
  2. Musikak eta markaren irudiak bat egitea: Musika bat etorri behar da dendaren nortasunarekin eta izaerarekin. Markaren irudia eta balioak indartzen dituen musika estilo bat hautatu behar da. Adibidez, arropa modernoa saltzen duen denda batean gaur egungo musika indartsua hautatu ahal da. Bestetik, luxuzko boutique batean, doinu lirainak eta sofistikatuak aukera daitezke.
  3. Askotariko erreprodukzio zerrenda sortzea: Garrantzitsua da abesti zerrenda errepikakorrak edo laburregiak saihestea. Horretarako, bezeroek interesa gal ez dezaten, sortu abesti hautaketa luzea eta askotarikoa, hainbat genero, artista eta garaietako musikarekin, esperientzia aberasgarria eskaintzeko.
  4. Erritmoa eta denbora kontuan izatea: Musikak eragina du pertsonen gogo aldartean. Abestien erritmoa eta iraupena egokitzea dendan egotea nahi den girora. Erritmo arina eta indartsua jarduera estimulatu eta erosketak dinamikoak izatea eragin dezakete. Bestalde, erritmo geldo batek giro lasaiagoa eta trankilagoa sor dezake.
  5. Bolumen egokia kontrolatzea: Musikaren bolumena establezimenduaren girorako egokia dela egiaztatu behar da. Bolumenak entzuteko eta giro atsegina sortzeko modukoa izan behar du, betiere bezeroen eta dendako langileen arteko komunikazioa oztopatu gabe.
  6. Koherentzia mantentzea giroko beste elementuekiko: Musika ez da denda batean esperientzia sentsoriala sorrarazten duen faktore bakarra. Oso garrantzitsua da musikak bat egitea giroko beste elementu batzuekin, hala nola argiekin, apainketarekin edota usainarekin. Elementu guztiak bata bestearen osagarri izan behar dute esperientzia koherentea eta atsegina ahalbidetzeko.

Komeni da gogoratzea, denda batean, giroko musikaren helburua bezeroentzako esperientzia atsegina, bizigarria eta koherentea sortzea dela. Alderdi gako horiei arreta emanez gero, giroko musika eraginkorra diseinatu ahal izango da eta horrek erosketa esperientzia hobetu eta markaren nortasuna indartuko du.

×
×