Getxo udalerria - Getxo Enpresa

Getxo udalerria

Bizkaiko kostaldean kokatua, Abrako badiak inguratua, itsaslabar ikusgarriak ditu bereizgarri. Bilbotik 12 km-ra, Getxoko udalerriak 11,64 km²-ko lur azalera du. Klima epel eta hezearekin, tenperatura leuna izan ohi da bertan, bai neguan, bai udan.
Metro Bilbaoko bost geltoki daude udalerrian zehar, autobuseko hainbat linea, Taxi Getxoren zerbitzua, Bilboko Portu Autonomoko gurutze-ontzientzako moila, eta minutu gutxian Loiuko aireportura, Bilbao Exhibition Centre-ra (BEC) edo Bilboko erdigunera iristeko aukera. Bere kokapena, latitude eta longitudeko koordenatuetan, honako hau da: 3º 00´ 47.744 Mendebaldea / 43º 20´ 26.515 Iparraldea

Getxoko historia Behe Erdi Aroan hasten da, Santa Maria elizaren inguruan. Orduan hasi eta XVIII. mendearen bukaerara bitartean, bertako biztanle gehienak nekazariak, abeltzainak eta arrantzaleak izan ziren. Arrantzale horiek Algorta auzoko portuan biltzen ziren. XIX. mendean jaio zen Areeta auzoa, eta, bertako hondartza zabalari esker, laster bihurtu zen gizarte maila aberatsarenarentzako udako turismo gune. Hala eta guztiz ere, Bilboko kanpoaldeko portua eraikitzerakoan aipatutako hondartzaren gainean kaia jasotzeko beharra izan zenean, turismoa Algortako portu aldera lekualdatu zen, eta Areeta auzoak etxebizitza giroko izaera hartu zuen. Neguri auzoa XX. mendearen hasieran jaio zen, gehienbat Bilbo eta Madriletik iritsitako dirudun familientzako neguko bizileku bezala. Ondoren, 60ko hamarkadatik aurrera batik bat, etxebizitzen eraikuntza demokratizatu egin zen, eta erdi mailako familia ugari finkatu zen udalerrian, bertan bizitzeko.

Getxok gaur egun 84.000 biztanle ditu, gutxi gorabehera; jende multzo horretatik, 64 urtetik beherakoa da % 85,46, eta % 52,13 emakumezkoa. Bertako biztanleria aktiboaren zatirik handienak, %66,3k, hirugarren sektorean egiten du lan. Horrenbestean, Getxoko ekonomian oinarrizko sektorea da hirugarrena, merkataritza eta zerbitzuetako eskaintza zabal eta askotarikoarekin, eta goi mailako ostalaritza sektorearekin. Industria jarduera murritza da udalerrian. Nekazaritza eta abelazkuntza Santa Maria auzoko landa eremuetan kokatuta daude, eta Algortako portuan arrantza desagertu egin da ia jarduera ekonomiko bezala, eta turismoko jarduerari eman dio bide.

Azken batean, Getxo udalerri modernoa da, Merkataritza Gune Hiritar Handia, eta bertan merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuetako establezimendu ugari daude kokatuta, aberastasuna eskainiz, batetik, eta era askotako salgaiak eta kalitateko zerbitzuak, bestetik. Bertako biztanleak maila altuko bizimodua izan dezakete, eta herria bisitatzera datozen guztiek gozatzeko askotariko aukerak dituzte eskura.

×
×