HASIERAKO ORRIALDEAREN GARRANTZIA
Hasierako orrialdea edo home zure webgunearen atal erabakigarrienetariko bat da. Zure orrialdera sartzen direnek izango duten lehenengo inpresioa izango da. Gainera, hasierako orrialdearen diseinuak zuzenean eragiten die webgunearen gainerako atalei. Hasierako orrialdearen diseinua garrantzitsua da hainbat arrazoirengatik: zure negozioaren errepresentaziotzat har daiteke, Googlen duzun kokapenerako garrantzitsua da, xede-publikoaren arreta bereganatzen laguntzen du, erabiltzaileengan lehenengo inpresio iraunkorra sortzen du, eta bisitariek gidatzat har dezakete webgunearen gainerako atalak esploratu bitartean.
HASIERAKO ORRIALDEA DISEINATZEKO ALDERDI GILTZARRIAK
Zure webgunea diseinatu behar duzunean ezinbestekoa da kontu handiz planifikatzea zer elementu eta eduki gehitu behar diren. Ez da informazioa ausaz jarri behar, estrategikoki jarri behar da. Jarraian, kontuan hartu beharreko alderdi garrantzitsuak aurkeztuko dizkizugu:
1. Goiburua laburra eta argia izan behar da eta zure webguneak zer eskaintzen duen azaldu behar du. Gehitu ezazu deskribapen labur bat hizkera errazean, eta saihestu teknizismoak eta jargoiak.
2. Irudiak eta bideoak funtsezkoak dira hasierako orrialdearen diseinuan. Erabili zure negozioa irudikatzen duten irudiak (produktuak, instalazioak edota ekipoa) eta komeni da sarrerako bideo labur bat gehitzea erakusteko zer egiten duzun, nola egiten duzun eta zergatik den berdingabea.
3. Erabiltzaileek hasierako orrialdean zerbait erakargarria aurkitzea espero dute, aurrera jarraitzeko motibazioa izan dezaten. Anima itzazu erabiltzaileak gehiago sakontzera edota ekintza espezifikoak egitera. Harremanetarako formularioa erabil dezakezu edota berrien buletinean harpidetu. Ez egin dei asko, nabarmendu garrantzitsuena.
4. Nabigazio-menu argi eta erraza edukitzea lagungarria da erabiltzaileek nahi dutena aurkitu dezaten. Pentsatu ea komenigarria den bilatzaile bat gehitzea bilaketa-esperientzia optimizatzeko eta errazteko.
5. Dagoeneko pozik dauden bezeroak badituzu, gomendagarria da euren testigantzak edota balorazioak hasierako orrialdean erakustea, zure negozioaren konfiantza eta sinesgarritasuna areagotzeko.
6. Harremanetan jartzeko hainbat aukera eskaini erabiltzaileei. Argi utzi zein plataformaren bidez jarri daitezkeen zurekin harremanetan (sare sozialak, telefonoz, mezu elektroniko bidez eta abar) eta kokapen fisikoa baduzu, partekatu ezazu.
7. Zure webguneak blog bat badu, gomendagarria da erabiltzaileak hasierako orrialdetik hori ikustera gonbidatzea azken sarreren laburpen txiki eta erakargarri baten bidez.
8. Diseinua alderdi erabakigarria da, hortaz, garrantzitsua da zure markaren irudiarekin koherentzia mantentzea. Zure gainerako sare sozialen edota kokapen fisikoaren tipografia eta kolore berdinak erabiltzea liteke onena. Diseina ezazu bisualki erakargarria eta berriemailea den hasierako orrialde bat, eta bakarrik nabarmendu beharrezkoena dena, ez jarri informazio gehiegi. Saihestu gainkarga bisuala; izan ere, diseinu arin batek nabigazioa errazten du eta bisitarien esperientzia hobetzen du.